Amara Berri sistema berritzailea dugu egungo
hezkuntzan. Amara berri sistemak hedabideak erabiltzen ditu lanei zentzua
emateko. Hori azaltzen hasi aurretik Amara Berri sistema azaltzea egokia dela
uste dut. Hemen duzue sistema ezagutzeko eman ziguten hitzaldiaren kontzeptu mapa eta dagokion azalpena. Gustuko izango duzuelakoan.
Amara berri sistema honakoan dago oinarrituta.
- Lana txokoetan banatzen da. Ez dago klase magistralik eta, ordez, txoko bakoitzean proiektu bat egiten dute.
- Departamentuetan banatzen da, klaseen ordez. Ikasleak departamentu batetik bestera mugitzen dira, zein ikasgai landuko duten arabera. Esate baterako, ingeles departamentua, matematika departamentua...
- Ez dute testu-libururik erabiltzen. Ordez, entziklopediak, liburuak, etab. dituzte eskuragarri liburutegian. Liburutegia ikastetxeko edozein eremutan dago kokatuta: korridoreetan, adibidez. Beraz, lanen oinarria liburutegia dute.
- Lan guztiek zertarako bat dute, hots, irteera bat dute kanpora. Lan guztiak hedabideetan argitaratzeko aukera dago eta horrela lan guztiek zentzu bat dute.
Hedabideak
Hedabideak lanei zentzua emateko tresna dira.
Telebista, irratia, egunkaria eta txikiweb-a erabiltzen dituzte eta
etorkizunean Twitter ere erabili nahi dute. Hedabideak egunero daude irekita eta edozein
momentutan joan daitezke ikasleak bertara ekoizpenak argitaratzera. Gainera,
eskola osorako zerbitzua da.
Hedabideak ikasleek kontrolatzen dituzte.
Horretarako telebistako kamalari eta teknikari lanetan aritzen dira ikasleak
berak, adibidez. 2 egunetan behin, ikasleak gelako lana utzi eta hedabideetan
aritzen dira prentsa argitaratzen, editatzen, telebistako teknikari, etab. 2.
zikloko haurrak irratiko teknikariak dira eta 3. ziklokoak prentsan, telebistan
eta webean aritzen dira.
Ondorioz, ikasleak bi hilabetean behin
hedabideetan aritzen dira lanean, hau da, ikasturte osoan 12 egun ematen
dituzte alderdi teknologikoa ikasten, konturatu gabe.
- Egunkaria (ABE). Egunero argitaratzen duten ikasle guztien ekoizpenak 4 ikaslek (3.ziklokoak) prestatu eta argitaratu ondoren. Egunaren amaieran, ikasle bakoitzak etxera eramaten du egunkariaren ale bat. Honako atalek osatzen dute egunkaria: azala, inkesta, elkarrizketa, kontu kontari (1.ziklokoen orrialdeak), gu ere idazle (2.ziklokoentzat), lumaren kilima (3.zikloko ikasleentzat), saski naski eta denborapasak. Gainera, gehigarri bat dute beste ataletan satzen ez ziren lanak argitaratzeko.
- Irratia (ABI). Ikastetxeko irratia auzoan entzun daiteke eta ondoren podcastak igotzen dituzte Internetera. Irratian poesiak, bertsoak, etab. entzun daitezke.
- Txikiweb. Ikastetxeko web-orrialdea da eta bertan zeinek editatu duen eta beste zenbait atal ("Los estuches", Birdhouse proiektua...) ikus daitezke.
- Telebista (ABT). Telebista ikastetxeko edozein gelan ikus daiteke, baita webean ere. Kameralariak 3. ziklokoak izan ohi dira eta edizioaz ere arduratzen dira. Horretarako Mac-ak erabiltzeko apostua egin zuten, izan ere, bideoak eta argazkiak editatzeko aukera hobeak eskaintzen ditu.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina